XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur urtebete EGUNON egunonka
Ariaz ariaz hariltzen du armiarmak armiarmasarea.

Horixe gertatu zaio EGUNONi ere: ariaz ariaz bete du urtea.

Gaur urtebete ikusi zuen lehenbiziko argia.

Geroztik egunon nahi izan du, ez sekula gabon! Bere usteak eta asmoak bete dituenez, irakurleek esan bezate.

Alabaina, guttiz ez utz.

Guztiona izan da.

Gipuzkoako Foru Diputazioaren diru laguntza barne, Euskal Herri osoan barreiaturik diren euskal idazle abertzaleen arnas-beroa senti da EGUNONen orrialdeetan barrena.

Horiek gabe ere izango zen.

Agian. Ez, ordea, izan den bezalakoa.

Euskal Herriko zoko guztiak izan ditu gogoan, inoiz inor bazterrera utzi gabe.

Euskaldun guztion batasuna, nola edo hala egiten saiatu denik ezin uka.

Lehenari eutsiz, geroari lotu nahi zaio EGUNON.

Asmo guztiak alferrekoak dirateke baldin eta, orain arte bezala, euskararen lagunek, amorerik eman gabe, eusten eta laguntzen ez badiote.

Zuoi bertsolarioi, artikulu idazleoi. elkarrizketen egileoi, berriemaleoi egiten dizue dei, eta egin duzuenagatik eta egiteko prest zaudetenagatik eskerrik beroenak ematen.